Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2017ko ekainak 05Bilbo

Bizkaian izango da Biscay ESG Global Summit inbertsio arduratsuari buruzko goi bilera

Bizkaian izango da Biscay ESG Global Summit inbertsio arduratsuari buruzko nazioarteko goi bilera, datorren ekainaren 26an eta 27an. Bileran munduko aditu asko izango dira, finantzen arloan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den gaia lantzeko. Izan ere, inbertsio erabakiak hartzeko orduan, gero eta gehiago hartzen dira kontuan ingurumen, gizarte, genero edo aniztasun irizpideak. Inbertsio paradigma berri baten aurrean gaude, finantzetan, mundu mailan, iraultza geldiezina ekarriko duena.

Izan ere, inbertsio arduratsuko funtsen bolumena, Europan, 2010ean 200.000 milioi euroko izatetik 2014an 372.000 milioi euro izatera igaro da eta hurrengo urteetan ere goranzko bidean joango dela aurreikusten da. Gainera, mundu iraunkorrago baten alde egiten ari diren ekimen guztien artean, nazioarteko inbertsiogileek sentiberatasun handia azaldu dute Nazio Batuen inbertsio arduratsuko printzipioen aurrean (“UN PRI” deitutakoak). Printzipio horiek sustatzen dute finantza sektoreak arreta eskaintzea ingurumen, gizarte eta gobernantzako aldagaiei, beti ere, errentagarritasun parametroak kaltetu gabe.

Testuinguru horretan, lehenengoz izango da Bizkaian Biscay ESG Global Summit inbertsio arduratsuari buruzko goi bilera, Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak, Enrique Saez Fineco-Kutxabankeko banka pribatuko presidenteordeak eta Guillermo Dorronsoro Deusto Business Schooleko dekanoak iragarri duten bezala.

Bizkaiak tradizio handia izan du finantza sektoreak, banku ezagunen egoitza da eta finantza arloko profesional askoren sorlekua. Orain, inbertsio arduratsuen Europako eta nazioarteko erreferentzia bihurtu nahi du, erakunde, enpresa, finantza erakunde eta unibertsitatearen artean, haien aldeko ingurunea sortzen laguntzeko.

Horretarako, Biscay ESG Global Summit-en lehenengo edizio honetan, aditu ugari elkartuko dira Euskalduna Jauregian, horien artean, Helena Viñes-Fiestas, BNP Paribas Asset Management analisi iraunkorreko lantaldeko arduraduna; Jan Poser, Bank J. Safra Sarasin erakundeko aktiboen kudeaketako eta iraunkortasuneko analisiko arduraduna; Josu Jon Imaz, Repsoleko kontseilari ordezkaria; edo Sebastian Albella, Balio Merkatuen Espainiako Batzordeko presidentea, besteak beste.

Inbertsio arduratsuko goi bilera antolatu da Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta, erakundeak herrialdea “finantza hub” bat bihurtu nahi baitu. Saio orokorrekin batera, Europako mintegi trinko eta osoenetako bat eskainiko da Deustuko Unibertsitatean. ESG Investment and Finance Summer Programme programak inbertsio arduratsua du aztergai eta ekainaren 26tik 30era bitartean izango da. 30 orduko prestakuntzako unibertsitate programa bat da, ESG ekosistema osatzen duten eragile guztiei eskaintzen zaiena.

Informazio gehiago