Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko azaroak 27

Agatha Ruiz de la Prada, Antonio Miguel Carmona, Pablo Garaizar, Mosiri Cabezas eta Encarna Samitier TEDxUDeustoMadriden azken edizioan, aniztasunaren inguruan

Aniztasuna. Gai hori izan zuten ardatz hizlariek TEDxUDeustoMadriden antolatutako hitzaldien azken edizioan. Bost hizlariek, oso profil desberdinetakoak, aniztasunaren inguruko beren ikuspegia azaldu zieten entzuleei, Deusto Business Schoolen Madrilgo egoitzan.

Agatha Ruiz de la Prada moda diseinatzailea, Antonio Miguel Carmona ekonomialari eta Madrilgo alkategai ohia, Pablo Garaizar Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea, Mosiri Cabezas Ikea Españako eraldaketa digitaleko zuzendaria eta Encarna Samitier 20 Minutos egunkariko zuzendaria izan ziren bost hitzaldien protagonistak, aniztasuna ardatz hartuta.

Jardunaldiaren aurkezpena Iñaki Ortega Deusto Business Schoolen Madrilgo egoitzako zuzendariak eta Roberto Espinosa TEDxen koordinatzaileak egin zuten. Lehenengo hizlaria Pablo Garaizar izan zen, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, informatikako ingeniaria eta sistemen eta sareen administrazio masterra, eta psikologian lizentziaduna.

Hazkunde teknologikoaren abantailak eta desabantailak aztertu zituen, orain arte gizakiok egiten genituen zereginetako batzuk robotek egiteko aukerak, eta programatzaileek adimen artifizialera eramaten dituzten alborapenak. Izan ere, bere iritziz, “teknologia ez da neutroa”. Adimen artifizialari dagokionez, kezkagarritzat hartu zuen gure bizitzako gero eta erabaki garrantzitsu gehiago uzten ari garela makinen eskuetan: enplegua, finantzak, osasuna, hezkuntza. Erronka horien aurrean, irakasleak Ingurune Digitaletako Giza Eskubideen Adierazpena irakurtzea gomendatu zuen, Deustuko Unibertsitateak prestatuta, besteak beste, Garaizar berak parte hartuta.

Jarraian, Agatha Ruiz de la Prada diseinatzaileak hartu zuen hitza. Aniztasunaz hitz egiteko, moda eta diseinua hartu zituen ardatz. Autodidakta eta bere enpresaren sortzailea, gaur egungo modan iraultzarik handiena erosotasuna dela nabarmendu zuen. Modaren industria gaur egun demokratikoagoa da eta, etorkizunari begira, oraindik iraunkorragoa izan behar du, bai ekoizpenean eta bai erabileran. Horregatik, gutxiago erosi eta gehiago birziklatzea proposatu zuen.

Antonio Miguel Carmona ekonomialari eta Madrilgo alkategai ohiaren hitzaldiak berrikuntza teknologikoak ekar dezakeen hazkunde esponentziala izan zuen hizpide eta gure herrialdea esparru horretan anbizio handikoa izatearen garrantzia azpimarratu zuen. Azaldu zuen berrikuntza teknologikoak hazkunde aldiekin lotuta daudela eta berrikuntzarik ez badago, ekonomiak atzera egiten duela. Adierazi zuen ez garela oso herrialde berritzailea, baina ahalegindu egin behar dugula, atzean ez gelditzeko.

Mosiri Cabezasek humanista gisa aurkezteko eskaera eginez hasi zuen hitzaldia. Eta hitzaldi osoan nabaritu zen hori. Gogoratu zuen teknologia digitala dena ari dela aldatzen eta dena eraman duela aurretik. Eta nahiz eta Ikea Españako eraldaketa digitaleko arduraduna izan, argi utzi nahi izan zuen ez zuela eraldaketa digitalaz hitz egingo, baizik eta egiteaz eta sentitzeaz. Eskuak berreskuratzea garrantzitsua dela aipatu zuen, eskuekin gauzak egitea, burmuinarekin loturarik gehien duen gorputz atala baitira. Pentsatzeko beharraz eta sentitzeari ere denbora eskaintzeaz aritu zen, azken batean, pentsamendua eta emozioa baikara. Gure lehentasunak berrantolatzera eta oinarrizkoenera, gure izatearen funtsera, itzultzeko deia egin zuen.

Encarna Samitier 20 Minutos egunkariko zuzendariak eman zien amaiera hitzaldiei. Kazetaritzari lotutako hainbat mito eraitsi nahi izan zituen. Lotsatia zela aitortu zuen, eta kazetari ugari ere hala direla, baina gainditu daitekeela. Kazetaritzaren garrantzia azpimarratu zuen, garai ezegonkorretan inoiz baino beharrezkoagoa delako. Lanbideko lehenengo urratsak gogoratu zituen. Garai haietan, emakumeak bigarren mailako lanpostu eta arloetara bidaltzen zituzten, baina gaur egun egoera aldatzen ari da. Erredakzioak lehen baino askoz ere isilagoak dira orain, idazmakinen ordez ordenagailuak erabiltzen direlako. Baina berri faltsuen zarata handia da, inoiz baino gehiago hedatzen baitira, gizarte sareez lagunduta. Azkenik, Samitierrek kazetariaren lanaren balioa agerian jarri nahi izan zuen, informazioak kategorizatzen eta dagokien testuinguruan kokatzen laguntzen baitu.

TEDi buruz
TED Ameriketako Estatu Batuetan sortutako ospe handiko ekimen bat da. Hitzaldien bidez, aurrerapena bizkortzen eta gizakion bizi baldintzak hobetzen lagundu dezaketen zientzia, enpresa, kultura edo gizarte ideien erresonantzia kaxa izan nahi du.

“TED”ek Teknologia, Entretenimendua eta Diseinua esan nahi du, gure etorkizunari forma ematen dioten hiru arlo handi. Ekitaldietan, gai oso zabalak lantzen dira, edozein diziplinatakoak, “azaltzea merezi dutenak”. TED hitzaldietara bertaratzen direnak (exekutiboak, zientzialariak, sortzaileak, filantropoak, etab.) ia hizlariak bezain bikainak dira. Hizlarien artean daude, esate baterako, Bill Clinton, Bill Gates, Jane Goodall, Frank Gehry, Paul Simon, Sir Richard Branson, Philippe Starck eta Bono. TED lehenengo aldiz Monterreyn antolatu zen, Kalifornian, 1984an. 2001ean, Chris Andersonen “Sapling Foundation” fundazioak TED bere sortzaileari, Richard Saul Wurmani, erosi zion. Azken urteetan, TED zabaltzen joan da: nazioarteko biltzarra Erresuma Batuan, TEDGlobal; Long Beacheko TED ekitaldiaren bitzar paraleloa Palm Springsen, TEDActive; edukien ekimenak, horien artean TED Talks eta TED.com; eta TED saria.

TEDx eta TEDxUDeustoMadrid
Ideia interesgarrienak zabaltzeko helburuarekin, TEDek TEDx izeneko programa sortu du. Tokiko hitzaldien programa bat da, modu independentean eta boluntarioan antolatzen direnak, munduko hainbat herrialdetan TED hitzaldien antzeko esperientzia bizitzeko. Deustuko Unibertsitatearekin lotutako pertsona talde batek bultzatuta, TEDxUDeustoMadrid ekimenak inspirazio iturri izan nahi du, hizlari interesgarrien etsenplua zabaltzen lagunduko duena. Hizlari horiek askotarikoak dira jarduera, adin eta esperientziari dagokionez, baina ikuspegi zabalekoak eta egiten dutena hobetzeko grina dutenak guztiak.