Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko azaroak 06Bilboko Campusa, Donostiako Campusa,

Almudena Eizaguirre, Deusto Business School Executive Education-eko zuzendari nagusi berria

Almudena Eizaguirre irakaslea Deusto Business School-Executive Educationeko zuzendari nagusi izendatu dute. Zuzendaritza berri horrekin ekingo dio Deustuko Unibertsitateko Negozio Eskolak etorkizunera begirako erronkari, berrikuntza (metodologiak, blended, online, etab.) eta enpresa eta erakunde ingururako hurbilketa aroari.

Azaroaren 6an burutu den izendapena “DBS 2025” planaren barruan kokatu behar da. Plan horrek ikuspen, estrategia eta proiektuak definitzen ditu graduko, graduondoko, doktoregoko eta executive prestakuntzako jarduera multzo baten barruan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, Deusto Business Schoolen, bi campusetan (Bilbon eta Donostian) eta Madrileko egoitzan.

Planaren hausnarketa prozesua Fakultateko Batzordeak lideratu du, Estrategiako dekanordetzaren eta bi campusetako eta egoitzako bost pertsonako talde baten laguntzaz. Plan horretan sartzen dira Deusto Business Schooli atxikita dauden zentroak ere: Lehiakortasunerako Euskal Institutua-Orkestra, Deusto Business Alumni-DBS, Agirre Bizkaitar Fundazioa eta Bernaola Fundazioa, eta Deustuko Unibertsitate guztia ere bai. Ekimena definitzen, Deustu proiektuko enpresa eta erakunde laguntzaileek lagundu dute.

Deusto Business School Executive-ren etorkizuneko erronkak

DBS 2025ek Deusto Business School Executive-ren jardueretan jauzi kualitatibo bat ematea jarri du erronka estrategikotzat. Zehazki, programak eta proiektuak lerrokatzeko aurrerapausoak eman nahi ditu, hiru ardatz ondo definituta dituela: bizitzan zeharreko ikaskuntzako bikaintasuna, lidergo humanista eraldaketarako, eta enpresa, gizarte eta erakunde ehunarekiko lotura eta konpromisoa.

Ildo horretatik, Deustuko Negozio Eskolak blended eta online programak sustatu nahi ditu, Deusto Online unitatearekin koordinatuta, eta Fakultateko ikerketa eta transferentziako hiru arloak (Enpresa eta Gizartea; Berrikuntza, Ekintzailetza eta Jakintzaren Kudeaketa; eta Lurralde Lehiakortasuna eta Garapen ekonomikoa) enpresa eta erakundeen errealitatearekin lotzearen aldeko apustua egiten du.

Madrilgo egoitzari dagokionez, Deusto Business School Executivek oso helburu zehatz eta ilusionagarria jarri du. Deustu, ESADE eta Comillas proiektua da. Hortik sortu da Jesuit Advanced Management School eta dagoeneko hasita dago 2022-2023 ikasturtetik aurrera eskaintzen hasiko diren unibertsitate master programak diseinatzen.

Etorkizunera begirako erronka handien arteko beste bat, nazioarte mailan, Deusturen eta IAJBS (International Association of Jesuit Business Schools) sareko 30 negozio eskolen arteko lankidetza sendotzea da. Sare horretako zuzendaritzako eta kontseiluko kide da Unibertsitatea, eta jasangarritasun globaleko erronketan enpresei laguntzea da asmoa.

Deusto Business School Executivek 2009an eman zion hasiera jarduera akademikoari. Harrezkero, zentroa sendotu egin da Executive Education-en sektorean eragile gisa, eta in-company prestakuntzan aparteko garrantzia du. Madrilen duen presentzia ere finkatu egin da eta hainbat ikastaro eskaintzen ditu: zuzendaritza, kudeaketa, lidergo eta berrikuntza programak eskaintzen ditu finantza, marketin, osasun, ekintzailetza edo zibersegurtasunaren arloetan. Gainera, DBS Madrileko egoitzak aukera ematen du Unibertsitateak Deustuko beste fakultate batzuetako programak garatzeko eta izen handiko beste eskola batzuekin (ICADE eta ESADErekin, esaterako) lankidetza estuagoa eta trinkoagoa izateko.

Horiek dira garai berri baterako erronka nagusienak eta horiei ekin beharko die Almudena Eizaguirre irakasleak lideratzen duen taldeak, 2025. urtea gogoan harturik. Izan ere, Eizaguirre esperientzia handiko profesionala da unibertsitateko estrategian eta hezkuntzaren berrikuntzan eta hori funtsezkoa izango da DBS-Executive proiektu berriak arrakasta izan dezan. Fakultatearen barruan, gizartea eraldatzeko zeregina du ikastegiak, exekutiboen prestakuntzan eta transferentziako proiektuak garatuz, erakundeetako lidergo humanistaren aldeko apustu estrategikoa eginda.

Almudena Eizaguirre

Almudena Eizaguirre Marketineko katedraduna da Deustuko Unibertsitatean. Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktorea da eta ikerketako seiurteko bat lortu du 2020ko irailean.

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea-Deusto Business Schoolen, zuzendaritzako hainbat postu izan ditu: Estrategiako dekanorde (2018-2020), Irakasleen dekanorde (2012-2015), Ikasketen dekanorde (2008-2011), Enpresekiko Harremanetako dekanorde (2003-2008), Zuzendaritzako trebetasunen eta Coachingeko programaren arduradun (2000-2014); eta Marketin eta Ekonomia Saileko zuzendari (2000-2006).

Gainera, azken urteotan, Deustuko Unibertsitateko Irakaskuntzaren Berrikuntzako Unitateko zuzendaria ere izan da (2015-2020), Ikasketen Antolamenduko, Irakaskuntzaren Berrikuntzako eta Kalitateko Errektoreordetzaren barruan.

DBS-Executive-ko arduradun berriak esperientzia du enpresen aholkularitzako estrategia eta marketin arloetan, BBVA, Kutxabank, Talgo, Kider eta beste enpresa batzuetan. Jorratu dituen proiektuak goi errendimenduko taldeen garapenarekin, ikuspegi partekatua sortzearekin, baliodun lidergoko gaitasunak garatzearekin eta antzekoekin lotuak izan dira.