Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko maiatzak 22Donostiako Campusa

Enpresa ideiarik onenaren ESME sariak Youtube bidez eman ziren XXIX. edizio honetan

Ostiralean, maiatzak 22, izan zen, modu telematikoan, Enpresa ideiarik onenaren ESME Lehiaketaren XXIX. edizioko sariak emateko ekitaldia. Ekimena Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko ESME Junior Enpresak antolatzen du, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateari lotuta, eta LOGSE batxilergoko lehenengo eta bigarren mailetako eta Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako EAEko ikasleentzat enpresa mundura hurbiltzeko lehenengo aukera eskaintzen du. Lehiaketan enpresa ideia original eta bideragarri baten proposamena eta garapena egin behar da eta zehaztu behar da zein negozio mota aukeratzen den, kokapena, egitura, langile kopurua, lehiakideak, negozioa abian jartzeko pausoak, finantzaketa, bideragarritasuna, etab.

Koronabirusaren pandemiak ekarri duen egoeraren eraginez, XXIX. edizio honetako sariak emateko ekitaldia Youtube bidez eman zen zuzenean, ESMEko kideek ahaleginari eta lanari esker. Ekitaldiaren buru Álvaro de la Rica Deusto Business Schooleko dekanoa izan zen. Jon Mikel Zabala Deusto Business Schooleko irakasle eta ikertzaileak hitzaldi bat eskaini zuen. Unibertsitateko ikasle bihurtzeak dakartzan erronkak azaldu zituen, baita norbera bere ikasketak aukeratzerakoan zoriontsu izatearen garrantzia ere. Edizio honetako finalistek aukera izan zuten beren enpresa proiektuak zuzenean aurkezteko, Youtubez baliatuz konektatu ziren 174 ikusleen aurrean. Horien artean zeuden lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako irakasleak, ikasleak eta senitartekoak; Deustuko irakasleak eta ikasleak; eta, noski, ESMEko kideak.

Aurtengo edizioko irabazlea "CORNSTARCH FUTURE" proiektua izan zen, San Patricio English School ikastetxeko Nicolás Pérez, Teresa Fernández de Angulo, Daniela Azpíroz eta Diego López-Lanchares ikasleek landua. Proiektu berritzaile bat da, azalera handietan eta supermerkatuetan elikagaiak biltzeko ohikoak diren plastikozko bilgarrien ordez, almidoiz eta artoz egindako bilgarri berrerabilgarriak eta organikoak erabiltzea proposatzen duena. Merkatuan iraunkortasunaren inguruko kontzientzia sustatzea du helburu, kostu txikiko ekoizpenaz baliatuz. Hala, proiektuaren helburua ez da irabaziak lortzea, baizik eta bilgarri kutsatzaileen erabilera murriztea eta erosketa eta kontsumo ohitura ekologikoagoak bultzatzea. Ordezko bilgarriak egiteko, oraindik erabili gabeko nekazaritza eremuetan artoa landatzea aurreikusten du, nekazari autonomoei ordainduta. Beraz, ekoizpena horrela eginez gero, tokiko komunitateei ere lagunduko litzaieke. Artoa bildu ondoren, makinetan eta errotetan bilgarriak egingo lirateke, eskaripean, beharrezkoak ez diren hondakinak gutxitzeko. Ikasleek aurkezpenean azaldu zuten bezala, "Cornstarch Future" proiektuko materiala ekoizteko ohiko plastikozko bilgarriak ekoizteko erabiltzen den energiaren % 35 besterik ez litzateke beharko.

ESME Junior Enpresako arduradunek aurkeztutako proiektuen maila handia nabarmendu zuten, baita ikasleek, azken hilabeteetan zehar, egin duten ahalegin eta ilusio handia ere. Lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako orientatzaileei, babesleei eta Fakultateko irakasleei eskerrak eman dizkiete, azken horiek aukera eman baitiete ikasleei eskolak eta lehiaketa bateratzea.

Talde irabazleko kide bakoitzak Alexa bat jaso du sari gisa, ahotsaren bidez kontrolatzen den laguntzaile birtuala, Amazonek sortu zuena eta 2014an merkaturatu zuena, Echo bozgorailu adimendunen lerroarekin batera. Gainera, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak finalista "ekintzaile" horiei beka bat emango die, etorkizunean Fakultate horretan ikastea erabakitzen badute.
ESME Junior Enpresa irabazi asmorik gabeko elkartea da, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasleek sortu, kudeatu eta zuzentzen dutena. Duela 30 urte sortu zenetik, aholkularitza eskaintzen du, Espainiako enpresa zientzietako fakultaterik ospetsuenetako batean eskuratutako gaitasun eta jakiteen bermearekin. Junior Enpresa sortzeko ideia Fakultateko irakasle batek proposatu zuen. Javier Minerrek entzuna zuen Frantzian Junior mugimendu bat hasia zela eta Espainiara zabaltzen ari zela. 1988an sortu ondoren, ESME aholkularitza esparruan hasi zen. Jarduera horren barruan, ESME gai da ikasleak Fakultatean ikasten ari diren gaien inguruko lanak egiteko. Berriki, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Informatikako Kudeaketako Ingeniaritza Teknikoko titulazio bikoitzeko ikasleak sartzean, ESME zerbitzu berriak eskaintzen hasi da.