Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko apirilak 23Donostiako Campusa

Enpresa ideiarik onenaren ESMEren lehiaketaren XXX. edizioaren sariak emateko ekitaldia

Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan banatu ziren ostegunean, apirilaren 22an, enpresa ideiarik onenaren ESMEren lehiaketaren XXX. edizioko sariak. Ekimena Deusto Business Schooleko ESME Junior Enpresak antolatzen du eta batxilergoko lehenengo eta bigarren mailetako eta erdi eta goi mailako heziketa zikloetako EAEko ikasleei enpresa mundura hurbiltzeko lehenengo aukera eskaintzen die.

Lehiaketan enpresa ideia original eta bideragarri baten proposamena eta garapena egin behar da eta zehaztu behar da zein negozio mota aukeratzen den, kokapena, egitura, langile kopurua, lehiakideak, negozioan abian jartzeko pausoak, finantzaketa, bideragarritasuna, etab. XXX. edizio honetan laguntzaile izan dira Adegi, Donostia Sustapena, Giant Bici, Salto System, Delta Taldea, Donostiako Udaleko Garapen Ekonomikoko Zinegotzigoa, Noticias de Gipuzkoa eta Deusto Business School.

Aurtengo edizioko irabazlea “DONOSTIA ATU” proiektua izan da, Axular Lizeoko Lander Agudo eta Julen Abal ikasleek landua. Proiektu berritzailea da: Donostiako ekonomia eta bertako merkataritza sustatzea helburu duen aplikazio bat da, proiektu bideragarria eta gaur egungo beharrei erantzuten diena.

Ekitaldian aforoa mugatu behar izan zen, bizi dugun osasun egoeraren eraginez. Bertan izan ziren, besteak beste, Álvaro de la Rica Deusto Business Schooleko dekanoa eta Eneko Goia Donostiako alkatea. ESME Junior Enpresako arduradunek aurkeztutako proiektuen maila handia nabarmendu zuten eta, batez ere, ikasleek azken hilabeteetan zehar egin duten ahalegin eta ilusio handia. Lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako orientatzaileei, babesleei eta Fakultateko irakasleei eskerrak eman dizkiete, azken horiek aukera eman baitiete ikasleei eskolak eta lehiaketa bateratzeko.

10 finalisten artean 1.500 euro inguruko sariak banatu dira. Gainera, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak finalista “ekintzaile” horiei beka bat emango die, etorkizunean Fakultate horretan ikastea erabakitzen badute.

ESME Junior Enpresa irabazi asmorik gabeko elkartea da, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Komunikazioko ikasleek sortu, kudeatu eta zuzentzen dutena. Duela 30 urte sortu zenetik, aholkularitza eskaintzen du, Espainiako enpresa zientzietako fakultaterik ospetsuenetako batean eskuratutako gaitasun eta jakiteen bermearekin. Junior Enpresa sortzeko ideia Fakultateko irakasle batek proposatu zuen. Javier Minerrek entzuna zuen Frantzian Junior mugimendu bat hasia zela eta Espainiara zabaltzen ari zela. 1988an sortu ondoren, ESME aholkularitza esparruan hasi zen. Jarduera horren barruan, ESME gai da ikasleak Fakultatean ikasten ari diren gaien inguruko lanak egiteko. Berriki, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Informatikako Kudeaketako Ingeniaritza Teknikoko titulazio bikoitzeko ikasleak sartzean, ESME zerbitzu berriak eskaintzen hasi da.

Ikusi argazki guztiak