Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko abenduak 02

Mayor Zaragozak klima aldaketaren kontra zerbait egitera ausartzeko deia egin du, atzera bueltarik gabeko egoerara iritsi aurretik, Deusto Business Schoolen Madrilgo egoitzan izandako hitzaldian

Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari ohi eta Hezkuntza ministro ohiak ohartarazi du gizartea belaunaldien arteko erantzukizunak ahanzten ari dela, klima aldaketari aurre egiteko orduan. “Gure erabateko lehentasuna haurrek izan beharko lukete, belaunaldi berriek”, esan zuen Deusto Business Schoolen Madrilgo egoitzan, Espainian egun hauetan egiten ari den COP25 klimari buruzko goi bileraren hasierako egunean.

Deusto Business Schoolek eta Madrid Foro Empresarialek foro hau antolatu dute Madrilen klimari buruzko goi bilera egiten dela aprobetxatuta, klima aldaketan enpresa ikuspegiak duen garrantzia agerian jartzeko. Horregatik, Mayor Zaragozaren hitzen ondoren, hainbat enpresa sektoretako ordezkarien txanda izan zen. Ordezkari horiek goi bileraren garrantzia aztertu zuten. Hain zuzen ere, Pariseko Hitzarmena aktibatzeko azken bilera da, 2020ko urtarrilean indarrean egon behar baitu planetako klima babesteko mundu mailako lehen itun lotesle horrek.

Hitzaldian zehar, Mayor Zaragozak ekintzari beldurrik ez diogula izan behar adierazi zuen eta herritarrei eskatu zien klima aldaketaren aurrean beren erantzukizunari erantzuteko, atzera bueltarik izango ez duen puntu batera iritsi aurretik.

Unescoko zuzendari nagusi ohiaren iritziz, ausartzea da, baita ere, enpresaburuen eginkizun nagusia. Ikastera ausartu behar dugu, gero ausartzen ikasteko. Izan ere, ezinezkoa dugu ikusle huts izatea. “Gaur egun, ausartzea funtsezkoa da eta enpresa eginkizuna da, bete-betean”.

Mayor Zaragozak ziurtatu zuen etorkizuneko belaunaldiei gertatuko zaiena gure erantzukizuna dela. Beraz, ekiteko unea iritsi da. “Erabateko lehentasuna eman behar diogu horri”, esan zuen. Amaitzeko, desio bat adierazi zuen: enpresen ausardiari esker, etorkizuneko belaunaldiek atzera ez begiratzea ekiteko ausardiarik izan ez genuela leporatzeko.

Unescoko zuzendari nagusi ohiaren hitzaldiaren ondoren, mahai inguru bat izan zen, klimari buruzko goi bileraren enpresa ikuspegia lantzeko. Iñaki Ortega Deusto Business Schooleko Madrilgo egoitzako zuzendariak moderatuta, hizlari izan ziren María Cordón, Blue Healthcareko kontseilari ordezkaria; Mario Oriol, CleanAirCorpeko presidentea; Jordi Berguinzo, Recirculako zuzendari nagusia; eta Ignacio Huic, Innoenergyko ordezkaria.
Guztiak bat etorri ziren Mayor Zaragozak esandakoarekin, azpimarratu baitzuten, gobernuek egiten dutenaz gainera, enpresek eta gizarte zibilak pauso bat eman behar dutela eta arduraz jokatu behar dutela. Horretarako ezinbestekoak dira bai enpresa berrikuntzak eta bai banakako portaerak.

María Cordónek, hain zuzen ere, azken puntu horri heldu zion eta azpimarratu zuen bakoitzak neurriak hartu behar dituela ingurumena ez ezik, bere osasuna ere zaintzeko. Kutsadurak gizakiongan dituen eragin kaltegarriei arreta gehiago jartzea eskatu zuen eta, besteak beste, gaixotasun autoimmuneen eta beste gaixotasun batzuen (minbizia, parkinsona edo alzheimerra) hazkundeaz hitz egin zuen. Elementu toxikoek osasunaren gainean duten eraginari arretarik jartzen ez badiogu, gerta liteke hurrengo belaunaldien bizitza itxaropena geurearena baino txikiagoa izatea. Beraz, elementu kimiko kutsatzaileen erabilera murrizteko neurriak hartzea eskatu zuen. Gainera, erantsi zuen Blue Healthcare enpresaren jardueren artean daudela enpresetan edo norbanakoen etxeetan egon daitezkeen elementu toxikoak eta uhin elektromagnetikoak aztertzea eta elementu horien eragina gutxitzeko aholkuak ematea.

AirCorpeko presidenteak ere nabarmendu zuen gizarteak eta enpresek ingurumena babesteko pauso bat emateko unea iritsi dela. Ildo horretatik, enpresa berrikuntzaren garrantzia azpimarratu zuen eta adibide gisa jarri zituen bere enpresak egiten dituen jarduerak, CO2 eta berotegi efektua duten beste gas batzuk berreskuratzeko.

Jordi Berguinzok enpresak ontziak eta beira birziklatzeko ohiturak aztertzeko eta sustatzeko abian jarri duen proiektuaren ezaugarriak azaldu zituen. Birziklatzea, bere ustez, funtsezkoa da guztiok klima aldaketaren kontra gure alea jartzeko.

Ignacio Huicen ekarpena ere ildo berekoa izan zen. Hizlariak aipatu zuen gutako bakoitzak zerbait egin behar dugula ingurumena zaintzeko eta klima aldaketaren kontra borroka egiteko. Innoenergy enpresa energia iraunkorren azeleragailu bat da, Europako Batzordeko funtsekin finantzatzen dena. Klima aldaketaren kontrako borrokan lagunduko duten enpresa irtenbide berritzaileak bultzatzea du xede.

Hizlariek argi adierazi zuten denon betebeharra dela hurrengo belaunaldiei planeta hobea uzteko lan egitea.