Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2017ko abenduak 14

Epaile bat, politikari bat, ikertzaile bat, ekintzaile millennial bat eta enpresa erakunde bateko zuzendari bat, TEDxUDeustoMadriden hirugarren edizioaren protagonistak

Focus hitza goiburu hartuta, bost hizlari, ezaugarri oso desberdinetakoak baina ikuspegi zabalekoak eta aurrera egiteko indar handikoak, Madrilgo Deusto Business Schoolen egoitzan elkartu ziren, abenduaren 14an, TEDx hitzaldien bidez besteen inspirazio iturri izateko erronkak zer esan nahi duen azaltzeko.

Hauek izan ziren TEDxUDeustoMadriden hirugarren edizioaren protagonistak: Eloy Velasco, Auzitegi Nazionaleko epailea; Javier Maroto, Alderdi Popularreko diputatua; Begoña G. Zapirain, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea; Pablo Gonzalez, ekintzaile millenniala; eta Ana Plaza, CEOE-Enpresa Erakundeen Espainiako Konfederazioko idazkari nagusia.

Ekitaldia Iñaki Ortega Deusto Business Schooleko Madrilgo egoitzako zuzendariak aurkeztu zuen eta 360 graduko antzeztoki berritzaile batean egin zen. Hara igo zen, lehenengo, Ana Plaza, CEOEko idazkari nagusia.

Enpresa erakundearen zuzendariak azpimarratu zuen garrantzitsua dela hazkundea guztientzat bidezkoa izatea. Horretarako, Nepalera egin zuen bidaietako bat kontatu zuen eta agerian utzi nahi izan zuen ezinbestekoa dela gutako bakoitzak mundu hobeago bat uzteko erantzukizuna gure gain hartzea.

Ondoren, Eloy Velasco epailearen txanda izan zen: teknologia berrien erabilerak dakartzan arrisku berriak izan zituen hizpide, baita arrisku horien kontra borroka egiteko behar diren eskubide berriak ere. Velascok azpimarratu zuen behar-beharrezkoa dela berriro geure datuen jabe izatea, uste baino gehiagotan baitaude datuok hirugarrenen esku. Hala, geure buruari buruz guk geuk baino gehiago jakiten dute sarritan.

Hurrengo hizlaria Pablo Gonzalez izan zen, 23 urtekoa, eta Pangea plataformaren sortzailea. Plataforma horren helburua da talentu gaztea identifikatzea, antzeko jendea harremanetan jartzeko, profil askotakoa, zaletasun edo proiektu komun baten inguruan. Gonzalezek sare hori zergatik sortu zuen azaldu zuen eta nabarmendu zuen ez dela adina proiektuan parte hartu nahi duen norbaiten gaztetasunaren neurria. Garrantzitsuena, haren iritziz, mundua hobea izatea lortzea da, adina edozein izanik ere.

Ekintzaile millennialaren atzetik, Begoña G. Zapirain Deustuko Unibertsitateko irakaslea igo zen agertokira. Osasun zientzien arloko ikertzaileak Juego de Tronos telesaila erabili zuen aurrera eraman duten proiektu bat azaltzeko: egoitza bateko adinekoekin elkarlanean, joko batzuk sortzea, kirola modu ludikoan egin dezaten, baina eraginkortasunez.

Javier Maroto PPko diputatuak itxi zuen TEDxUDeustoMadrideko hirugarren edizioa. Politikariek 'gor eta itsu' gelditzeko arriskua dutela azaldu zuen, kaleko herritarrarekin harremana taldekideen eskuetan uzten bazuten. Politika berria deitutakoaren aurrean, garrantzitsuena politika ona dela ere azpimarratu zuen.

TEDi buruz
TED Ameriketako Estatu Batuetan sortutako ospe handiko ekimena da. Hitzaldi sorta baten bidez, zientzia, enpresa, kultura edo gizarte arloko ideiei oihartzuna eman nahi die, aurrerapena bizkortzen eta gizateriaren bizi baldintzak hobetzen lagunduko dutelakoan.
‘TED’ek teknologia, entretenimendua eta diseinua esan nahi du; hiru arlo nagusi dira, batuta gure etorkizuna eratzen dutenak. Ekitaldiak gai asko hartzen ditu barne, “azaltzea merezi duten ideiak” zabaldu nahi ditu, edozein diziplinatakoak. TED ekitaldietara hurbiltzen diren pertsonak (exekutiboak, zientzialariak, sortzaileak, filantropoak, etab.) ia hizlariak bezain bikainak dira. Hain zuzen ere, TEDen hizlari izan dira, besteak beste, Bill Clinton, Bill Gates, Jane Goodall, Frank Gehry, Paul Simon, Sir Richard Branson, Philippe Starck edo Bono. TED lehenengo aldiz Monterreyn egin zen, Kalifornian, 1984an. 2001ean, Chris Anderson-en “Sapling Foundation” erakundeak TED formatua erosi zion Richard Saul Wurman sortzaileari.

Azken urteetan, TED zabaltzen joan da. Orain, nazioarteko biltzar bat egiten da Erresuma Batuan, TEDGlobal; Long Beach-eko TED ekitaldiaren paraleloa den biltzarra, TEDActive, Palm Springsen; edukizko ekimenak, TED Talks eta TED.com ere barne hartuta; eta TED saria.

TEDxi eta TEDxUDeustoMadridi buruz
Ideia interesgarrienak zabaltzeko helburuarekin TEDek TEDx izeneko programa sortu du. Tokian tokiko biltzar eta hitzaldiak dira, modu independentean eta boluntarioan antolatzen direnak, herrialde desberdinetan TED hitzaldien antzeko esperientzia bizi ahal izateko. Deustuko Unibertsitateari lotutako pertsona talde batek bultzatuta, TEDxUDeustoMadrid-ek inspirazio iturri izan nahi du, jarduera, adin eta esperientzia aldetik oso desberdinak izan arren, itxaropen aldetik eta hobetzeko gogo aldetik berdintsu diren pertsonen eredua zabaltzen laguntzeko.