Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2016ko azaroak 16Bilboko Campusa

Unibertsitateak Deusto Business Schoolen mendeurrena ospatu du, Erregea buru izan duen ekitaldi batean

Deustuko Unibertsitateak Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen, Deusto Business Schoolen, mendeurrena ospatu du gaur, azaroaren 16an, ekitaldi akademiko batean, Felipe VI.a erregea buru izan duela. Ekitaldia Deusto Business Schoolen 100 urteko memoria labur batekin hasi da; ondoren, ikasgai magistrala eskaini du Ronald Antonek (S.J.), Georgetown University-ko School of Business-eko Executive Education-eko kontseilariak; eta, azken aldean, José María Guibert errektoreak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Erregeak hitzaldiak eskaini dituzte.

DBSko dekano Guillermo Dorronsororen hitzak: “oraina berriro pentsatu, etorkizun hobea izateko”

Guillermo Dorronsoro dekanoak “La Comercialen” historia errepasatu du, konpromisoa adierazten duten lau mugarri gogoratuz; izan ere, horiek gabe, euskal historia, gizartea eta ekonomia bestelakoak izango lirateke. Lehenik gogoratu du garai berezi bat bizitzea tokatu zitzaien pertsonen belaunaldiaren konpromisoa: Pedro de Icaza eta Agirre Bizkaitar Fundazioko gainerako patroiak, Luis Chalbaud eta Jesusen Lagundia. 1916an ekin zioten garai hartarako beharrezkoa zen enpresa ikaskuntzen proiektuari. Bigarren tokian gogoratu ditu “etxe” honetan prestatutako profesional guztiak eta aberastasuna eta lehiakortasuna sortzearen alde izan duten konpromisoa.

Hirugarrenik, erakunde publikoek lidergoarekin duten konpromisoa aipatu du. Hiru ikasle ohi aipatu ditu, euskal erakundeak berreskuratzeko prozesuan protagonista izan eta Eusko Jaurlaritzako kide izan zirenak lehenengo legegintzaldian. Industriako lehenengo birmoldaketa edo Euskal Ekonomia Itunaren negoziazioa eta akordioa izan dira egin dituzten ekarpen baliagarri horietako bi eta oraindik ere giltzarri dira gure ongizate estatuan. Laugarren eta azken mugarria konpromiso etikoa eta justizia izan da. Oraindik ere “taupaka ari da" DBSn konpromiso hori.

Dorronsoro dekanoaren aburuz, gure ikasleek jaso behar dute lau konpromiso horien lekukoa. Kritikoak izan behar dute ikusten dutenarekin eta mundu hobea irudikatzen animatu behar dute, ezin dira nahikoa dela eta horretan gelditu behar. “Historiak erronka berrien aurrean jartzen gaitu beste behin ere; enpresa, gure erakundeak birpentsatu behar ditugu, gure industria birmoldatu; eta horrek guztiak merezi izango du hobetzen bagaitu, gutxien dutenekin etikoago eta konprometituago bihurtzen bagaitu”, adierazi du.

Fakultatea bera ere birpentsatu beharra dago eta, alde horretatik, Guillermo Dorronsorok aipatu du titulazio berriak aztertzen ari direla Bilbon eta Donostian, nazioarteko ikuspegi zabalagoa dutenak, aldaketa digital handiagokoak, 4.0 industriari lotuagoak. Horrez gain, Espainian aitzindari izango den programa bat ere buruan dute, “Deusto Finance Programme”, aldaketa sakonean murgilduta dagoen finantza sektorera egokitua.

José María Guibert errektorearen hitzak: “erakunde unibertsitarioa giza balio handien zerbitzura egon daiteke eta hala egon behar du”

José María Guibert errektorearen hitzetan, gizartearen etorkizuna hezkuntzan oinarritzen da. Hortaz, harro dagoela azaldu du Deusto Business Schoolek 100 urte bete dituelako, baita Deustuko Unibertsitateak 130 ere. Bi ikastetxeak sortu ziren XIX. mendearen bukaerako bizkaitar gizartearen eta ekonomiaren beharrizanei erantzuteko, ondo prestatutako profesionalak behar baitzituen gure lurraldeak. Orain, 100 urte geroago, helburu hori bete duela eta betetzen jarraitzen duela esan dezake Unibertsitateak.

Tesi hori frogatzeko, “La Comercialen” sorreran Deustuko agintari zenak, A. Luis Chalbaudek, Agirre Bizkaitar Fundazioko Pedro de Icazarekin batera Fakultatearen sortzaile izan zenak, hasierako hitzaldian esan zituen hitzetara jo du. Orduko hartan, ikastetxeak izan behar zituen lau ezaugarri aipatu zituen eta, errektorearen hitzetan, oraindik ere bere horretan jarraitzen dute.

Lehenengo ezaugarria “prestakuntzako kalitatea eta zorroztasuna” zen. Gaur egun, irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuez hitz egiten da, baina ideia bat bera da; eta “kalitateaz hitz egiten jarraitzen dugu eta egiten dugun guztian bikaintasuna lortu nahi dugu”, zehaztu du errektoreak. Bigarren elementua “hizkuntzen ikaskuntza” zen. Gaur egun, nazioartera zabaltzearekin, planteamenduen globaltasunarekin eta nazioarteko proiektu eta sareekin, unibertsitateen ezaugarri komuna dugu. “Inolako zalantzarik gabe, globalizazioa hobetzeko eta hazteko aukera da”.

Hirugarren ezaugarria “teoria eta praktika bateratzea” zen. Ikastetxeak hasieratik bertatik bilatu zuen lanean ari ziren profesionalen trebetasuna eta unibertsitateko irakasleen ezagutza bateratzea, merkataritzako ikasketei unibertsitateko maila eman nahirik. “Gaitasunak, trebetasunak eta abileziak izaten ditugu ahotan orain, baina helburuak ez dira aldatu”, azaldu du errektoreak, eta beste hau erantsi du: “punta-puntako unibertsitateen ezaugarrietariko bat diziplina artekotasuna lantzea da. Zeregin horretan, badugu esperientzia, beste ikasketa batzuk sortzeak hazkuntza eta hobekuntza ekarri baitie Deustuko fakultate guztiei".

Aita Chalbaudek aipatu zuen laugarren ezaugarria “pertsona goitik behera prestatzea” izan zen, “negozioetan aplikatu beharreko morala erakutsirik”. Gaur ere, jesulagunen tradizioari jarraiturik eta estatuko eta nazioarteko arauek hala eskatuta, dimentsio etikoari, erantzukizunari eta prestakuntzak gizartean eta ingurumenean duen eraginari ere arreta eskaintzen zaio.

Guibert errektorearen esanetan, dimentsio moralak giza eta gizarte gaietan apustu jakin batzuk egitea esan nahi du. Kultura eta erlijioen arteko elkarrizketa edo justizia eta bakea sustatzea gizartea gizatiarragoa bihurtzeko bideak dira; baina, aldi berean, ondorio kontrola ezinak izateko arriskuak eta gatazkak ere ekar ditzakete. Puntu horretan, aparteko eran gogoratu ditu duela 27 urte El Salvadorreko Universidad Centro Americanan hil zituzten sei jesulagunak eta bi laguntzaileak. Apustu intelektual konprometituak harturik, Ignacio Ellacuría bizkaitarrak eta haren lankideek erakutsi zuten “unibertsitateak giza balio handien zerbitzura jar daitezkeela eta jarri behar dutela, eta bakearen aldeko borrokan; eta gutxiengo txirotuen garapen eta ongizatearen alde parte hartu behar dutela”. “Gure kasuan, kristau erakundea garenez, horixe da egin dezakegun eta egin behar dugun ekarpena", bukatu du errektoreak.

Erregearen hitzak: “denon onerako izango diren enpresa proiektuak bultzatzea eta lideratzea”

Erregeak, bere hitzaldian, Komertzialaren, gaur egungo Deusto Business Schoolen, ehun urteko historia aipatu du: “mende oso bat, lan ongi egiten, bikaintasun akademikoa jorratzen, garapenean ekarpena egiten. Ehun urte horiek egokitzeko gaitasun aparta eta aldaketari aurrea hartzekoa ere adierazten dute, datorren berriari ateak zabaltzekoa”, nabarmendu du.

“Euskaldunok zeuena maite duzuen gizon-emakumeak zarete; baina, aldi berean, mundura zabalik zaudete, bereziki Ameriketara. Loiolako Inazio, Jesusen Lagundia eta Deustuko Unibertsitatea espiritu eta bokazio unibertsal horren adibide ezin hobeak zarete. Eta horren erakusgarri dugu Ronald Anton jesulagun doktoreak, Georgetown University-ko School of Business-eko Executive Education-eko kontseilariak, eskaini digun ikasgai magistrala”. Eta gaineratu du: “mundu globalizatu batean, Euskadi hobea eta Espainia hobea egiteko guraria eta konpromisoa mundu hobea egiteko guraria eta konpromisoa ere badira”.

Erregeak aipatu du zerbitzua eta konpromisoa direla "nortasun ezaugarri bi, zuen unibertsitate egitasmoaren DNAn errotuak”; eta azpimarratu du “ehun urte pasatu izanak erakusten duela unibertsitateko proiektua sendoa dela, nortasun ezaugarri propioak dituena”. “Helburua pertsonarik onenak prestatzea da, baina Aita Arrupek zioen bezala, onenak prestatzea, hobeto zerbitzatzeko”. “Zerbitzua eta konpromisoa oso gogoan daude Agirre Bizkaitar Fundazioak Bizkaiko bizi kalitateari ematen dion sarian ere. Gaur, Koopera eta Walk On Project-i emango zaie sari hori, Bizkaia inklusiboagoa izan dadin egiten duten ekarpenagatik”, gehitu du.

Erregeak animatu egin du Deustuko unibertsitateko elkartea ere "marraztutako bidetik gogo berriturik aurrera egin dezan: bikaintasunaren bidetik, balioei buruzko prestakuntzaren bidetik, nazioarteko bokazioarenetik, berrikuntza eta ekintzailetzarenetik, gizarte erantzukizunarenetik eta etikarekiko konpromisoaren bidetik”.

Azken hitzak ikasleei zuzendu dizkie, etorkizuneko profesionalei, Deusturen izena harrotasunez erakutsi dezaten, eta lanbideko praktikan “garapen pertsonala sustatzeaz gain, aberastasuna eta enplegua sortuko dituzten eta denon onerako, ongizaterako eta gizarte kohesiorako izango diren enpresa proiektuak bultzatu eta lideratu ditzaten, beti ere enpresa eta gizarte etikarik sakonena oinarri harturik”. “Horixe izango da, zalantzarik gabe, La Comertzialen legaturik onena XXI. menderako”. Halaxe eman dio amaiera hitzaldiari.

create with flickr badge.