Nire ongietorririk beroena eman nahi dizut Deusto Business School-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen web orrira. Orri honetan, gure prestakuntza eta ikerketa eskaintzaren inguruko informazioa aurkituko duzu, baita Bilboko eta Donostiako campusetako eta Madrilgo egoitzako lan taldeetako pertsonen inguruko informazioa ere.
Gure Fakultatearen misioa da profesional arduratsuak prestatzea, ingurune globalean enpresa egitasmo iraunkorrak sustatzeko eta gidatzeko gai izango direnak, gizarte oparoagoa, zuzenagoa eta inklusiboagoa lortzeko. Gainera, gizartearen eta erakundeen erronka nagusiei erantzuten lagunduko duen jakintza sortzen ere parte hartu nahi du, diziplina arteko ikuspegitik eta gainerako eragileekin elkarlanean.
Gure misioari erantzuteko, Fakultateak, gaur egun, 9 gradu aldaera ditu, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduaren (EAZ) inguruan. Graduaz gain, master ofizialen aukera zabala, graduondoko titulu propioak eta doktoregoko programa ditu, Executive Educationen aldeko apustu sendoarekin batera.
Bestalde, gure ikertaldeek, nork bere arloan jakintza aurreratua sortzeaz eta transferentzia erantzunak emateaz gainera, gure ikasketa eskaintzan parte hartzen duten irakasleen kalitatea sendotzeko eta jakiteak eguneratzeko aukera ematen digute.
Deusto Business Schoolek, 1916an sortu zenetik, tinko eusten dio prestakuntza osoa, integrala eta praktikoa, gure enpresengandik hurbila, eskaintzeko apustuari. Horretarako, gure jarduna balio hauetan oinarritzen dugu: lanbide bikaintasuna (zorroztasun eta gaitasun teknikoa, eta giza kalitate sakona); zintzotasuna eta konpromiso etikoa; lankidetza eta elkartasuna; irekitasuna eta aniztasuna; eta berrikuntza eta ekintzailetza. Gure eskoletan askotariko jarduera sektoretako profesionalek hartzen dute parte eta, beren esperientziaren eta kasu azterketen bidez, enpresa errealitatera hurbiltzen laguntzen digute. Etengabe gaude errealitate horrekin harremanetan, gure ikasleek, ikasketetan zehar, enpresa eta erakundeetan egiten baitituzte praktikak.
Bestalde, Deusto Business Alumni Elkartea dugu, besteak beste, enplegu poltsa kudeatzen duena. Elkartearen bidez, elkartekideekin etengabeko harremanetan gaude. Ez dut aipatu gabe utzi nahi Agirre Bizkaitar Fundazioaren eta Bernaola Fundazioaren babesa. Agirre Bizkaitar Fundazioari eta euskal enpresaburu askoren babesari esker sortu zen, 1916an, Fakultatea. Era berean, Bernaola Fundazioak, 1984an sortu zenetik, Fakultateko irakasle eta ikasleen prestakuntza hobetzen lagundu du, mintegien, ikerketa proiektuen eta gradu eta doktorego aurreko beken bidez.
Irakur dezakezuen bezala, Deusto Business School, 100 urte baino gehiagoko historia izanik ere, gai da garai berrietara egokitzeko eta ikasketa eskaintza berria egituratzeko, baina bere misioari eta balioei uko egin gabe, bereizgarri horiez oso harro baikaude.
Gure Fakultatearen inguruko xehetasun guztiak orri honetan aurkitu ahal izango dituzu. Edozein zalantza sortzen bazaizu edo bestelako informazio osagarririk behar baduzu, ez zalantzarik izan gurekin harremanetan jartzeko. Zure eskura gaude, behar duzunerako.
Álvaro de la Rica Aspiunza
Dekanoa
Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea-Deusto Business School