Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2017ko abenduak 11Donostiako Campusa

Harvardek Masters Degree in Competitiveness and Innovation ikastaroko ikasleen lana saritu du

Talde irabazlea osatzen dute Javier Ruiz eta Carla Cordova MUCIko ikasleek, Mercedes Oleaga Orkestrako ikertzaileak eta Iñaki Ganzarain Innobasqueko project managerrak.
Osagai elektronikoen eta azpisistemen ‘high-tech’ hornitzaileen klusterraren balio katea aztertu dute eta lanak bigarren saria jaso du, ehun unibertsitate baino gehiagotan egindako guztien artean.

Harvardeko Unibertsitateak diseinatu eta Orkestrak azken urteetan Deusto Business Schooleko Lehiakortasunari eta Berrikuntzari buruzko Masterrean (MUCIn) eskaintzen duen ikastaroan pozik hartu dute berria. Izan ere, 2016ko edizioko ikasle talde batek bigarren lanik onenaren saria jaso du, munduko 100 unibertsitate baino gehiagok osatutako sarean eskaintzen den ikastaroan.“High-Tech supply chain of electronic components and subsystem cluster’s value chain” da lan irabazlearen izenburua. Izenak dioen bezala, osagai elektronikoen eta azpisistemen high-tech hornitzaile katearen klusterraren balio katea du aztergai.

“Lan osoa eta sofistikatua da”, dio Mikel Navarro MOCeko koordinatzaileak. Navarrok azpimarratu du lantaldeak gaitasun handia erakutsi duela balio kate horren osagai gakoak bereizteko eta modu ulergarrian azaltzeko, baita aurrean dituzten erronkak aztertzeko ere.
Ikasleek azpimarratzen dute saria lortzeko bidea gogorra eta gorabeheratsua izan dela, baina azkenean, emaitza ona izan dela.

Nola sentitzen zarete Harvardek sari hau eman ondoren?

Saria jasotzea ohore bat izan da. Egin dugun lan gogorra aitortzea esan nahi du. Gutako bakoitzak genuen onena eskaini diogu lanari. Orkestrak gure lana sarira aurkeztea erabakitzea jada albiste bikaina izan zen, baina nazioartean lehiatuz irabaztea, mundu osoko unibertsitateetako talde askorekin lehian, esperientzia paregabea izan da. Zorionak eman nahi dizkiegu parte hartu duten talde guztiei eta, bereziki, beste sarituei.

Zuen lana eta esperientzia abiapuntu hartuta, zein osagai eduki behar ditu MOCeko proiektu batek, Harvardeko unibertsitatean nabarmentzeko?

Gure ustez, osagai nagusia lan gogorra da, baita Microeconomics of Competitiveness ikastaroan ikasitako guztia erabiltzea ere. Gainera, gure lan ibilbidean ikasitakoa ere gakoa izan da. Horrek guztiak aukera eman digu ondorio interesgarriak ateratzeko, analisi zehatz eta zorrotzetatik abiatuta. Garrantzitsua izan da argi edukitzea analisia ez dela, bere horretan, azken helburua, baizik eta erabakiak hartzen lagunduko duten ondorioak ateratzeko bitarteko bat. Ondorioak ongi landu behar dira eta ebidentzia sendoetan oinarritu. Harvardek espero duenera egokitu behar izan dugu, proiektuak erakundeari eskaintzen dion balioa erdian jarrita. Bestalde, kluster hori aukeratzea oso egokia izan da, berrikuntzan intentsiboa den errealitate bat ezagutu eta aztertzeko modua izan dugulako eta kontrako egoera bati nola erantzun dion ikusi ahal izan dugulako, hain zuzen ere, berrikuntzan oinarrituta.