Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2017ko maiatzak 25Bilboko Campusa

Deusto Business Schoolek zuzendari gazteen harrobia bultzatu nahi du, osasun sektorean belaunaldi aldaketa “profesionalizatua” bermatzeko

Osasunaren arloko kudeaketa enplegua sortzeko aukera bat da, 15 urteko epean, osasun arloko zuzendarien % 50 inguruk erretiroa hartuko dutela aurreikusten baita. Horrekin batera, beharrezkoa ikusten da prestakuntza eguneratua eskaintzea, sektorea eraldatze prozesuan baitago eta, sarri askotan, ez da nahikoa ospitaleak edo osasun erakundeak kudeatzea, baizik eta erakunde integratuak, erakundeen sareak eta gizarte eta osasun sistemak ere kudeatu behar dira. Kudeaketako ohiko gaitasunez gainera, lidergoko eta taldeak kudeatzeko gaitasunak ere behar-beharrezkoak dira. Gainera, ez da ahantzi behar kudeaketako gaitasunak ezinbestekoak direla lider klinikoentzat ere (medikuntzaren eta erizaintzaren arloko profesionalentzat, alegia).

Espainiako osasun sistemaren emaitzak bikainak dira (Lanceten berriki argitaratu den txostenak erakusten digu Espainia munduko 8. herrialdea dela arlo horri begiratuta), baina erronka handiak ditu aurrean, besteak beste krisi ekonomikoaren ondorioz eta biztanleriaren zahartzearen ondorioz (bizitza itxaropena handitu egin da eta jaiotza tasak txikiak dira). Horrek baliabideen eskaria handitzen du, baita osasun gastua ere. Ondorio horiei gehitu behar zaie egiturak zurrunak direla, profesionalek gehiegizko lan zama dutela eta erabiltzaileen hautematea hobetu daitekeela. Hala, faktore horiek guztiek arriskuan jartzen dute osasun sistemaren iraunkortasuna.

Errealitate horri erantzuteko, Deusto Business School Healthek maiatzaren 25ean aurkeztu zuen Osasun Kudeaketako Masterraren III. edizioa, 2017ko irailetik 2018ko uztailera egingo dena. Masterrak osasun sektorea berritzen lagundu nahi du, sistema etorkizunean iraunkorra izan dadin. Berrikuntza behar hori, belaunaldi ordezkapenarekin eta profesionalizatze urriarekin batera, aukera paregabea da etengabe hazten eta berritzen ari den sektore horretan barneratu nahi dutenentzat.

Masterrak enpresa laguntzaileen babesa du eta haien esperientziatik elikatzen da, neurri batean. Horregatik, osasun eta osasun eta gizarte arloko erakunde pribatu nagusiak Masterrean biltzeko lan egiten du, belaunaldi aldaketaren beharraz jakitun, osasun arloko kudeatzaileen harrobi egokia prestatzeko. Hala, etorkizuneko kudeatzaile horiei prestakuntza egokia eskaini nahi die, gaur egungo osasun sistemek aurrean dituzten erronkei erantzuteko gai izan daitezen.

Ikuspegi horretatik, azpimarratzekoa da masterraren inaugurazioan izan zirela Asuncion Klinika, Aita Menni Ahizpa Ospitalariak, Instituto Clínico Quirúrgico de Oftalmología, Igurco-Servicios Sociosanitarios, IMQ taldea, Quiron taldea, Vithas taldea, San Juan de Dios Ospitalea, Onkologikoa, Mutualia, Matia Fundazioa eta Grupo SSI kooperatiba. Ekitaldia Marisol Basabe Executive Programen zuzendari akademikoak aurkeztu zuen eta Roberto Nuño Deusto Business School Healtheko zuzendariei eman zion hitza, masterraren ezaugarri nagusiak azaltzeko.

Ondoren, Ruben Llop Deusto Business Schooleko irakasleak lidergoaren, humanismoaren eta eraldaketaren inguruko hasierako hitzaldia eskaini zuen. Hitzaldia amaitutakoan, solasaldia izan zen, osasun kudeaketaren profesionalizazio eta garapen beharraren inguruan. Bertan partu zuten parte Marisa Merino Signo Fundazioko Patronatuko kideak, Alfredo Rodríguez Antigüedad Osakidetzako Gurutzeta Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buruak, Zulema Gancedo Kantabriako Osasun Zerbitzuko erizainak eta SEDISA Osasun arloko Zuzendarien Espainiako Elkarteko ordezkari batek.

Osasun Kudeaketako Masterrak gazte profesionalen prestakuntza eta gaikuntza osatu nahi ditu, jakite eta zuzendaritzako trebetasun berriekin osasun eta gizarte eta osasun sektorean aurrera egin dezaten eta, horrela, sistemaren etorkizuneko zuzendariak bihur daitezen.